Albisteak

Ugao-Miraballesko Udalak Leitoki Ikastetxeko fatxada berritzeko lanak amaitu berri ditu eta erreten eta zorroten guztiak aldatu ditu. Lan horietarako Udalak 73.661 euro (BEZ barne) bideratu ditu ikastetxean jarduteko, eraikineko fatxadako itxitura hondatuta baitzegoen eta, horrela, ikastetxeko ikasleen eta langileen segurtasuna bermatuz.

Era berean, pandemiaren ezohiko neurriak kontuan hartuz, eta ikasturte berria behar bezala garatzeko asmoz, Udalak ate berri bat jarri du ikastetxeko patioan, ibai ondoko oinezkoen pasealekuaren aldetik, aparteko irteera izateko eta, horrela, ikastetxean segurtasunez zirkulatzeko eta sartzeko. Ugao-Miraballesen gaur hasi den 2020-2021 ikasturte osoan zehar egingo den beste inbertsio bat ikastetxeko garbiketa-zerbitzua indartzea izango da.

Udalak, garbiketazerbitzu arruntaz gain, hilean 2.200 euroko inbertsio gehigarria egingo du, garbiketako langileek ikasgelak eta eskolako gainerako gelak desinfektatzeko, osasun-agintariek ezarritako protokolo berriak betez. Horretarako, zerbitzuan emandako orduak gehitu dira (4 ordu gehiago egunean). Gogoratu behar da Ugao-Miraballesko Udalak 70.000 euro inguru bideratzen dituela urtero zentro publiko hau garbitzeko. Desinfekzio-lanak areagotzeaz gain, Udalak norabide-seinaleak margotu ditu lurrean, ikasleen sarrera eta irteera antolatzen laguntzeko, gerta daitezkeen jende-pilaketak edo gurutzaketak saihesteko xedez.

Leitoki Ikastetxe Publikoaz gain, udalerriko beste instalazio batzuk ere bere garbiketazerbitzuak indartuko dituzte, hala nola Jane Jauregia, Haurreskola eta Kultur Etxea. “Covid-19ak sortutako pandemia dela eta, ikasturte hasiera konplexua izango da, eta Udaletik gure alea jarri nahi dugu, ikasleek zein ikastetxeetan lan egiten duten pertsonek ahalik eta ikasturte seguruena eta normalizatuena izan dezaten", adierazi du Ekaitz Mentxaka Ugao-Miraballesko alkateak.