Albisteak

Ugao-Miraballesko Udalak El Jaro udal-kiroldegiko gimnasioko eta igerilekuko ateak irailaren 16an, ostegunean, irekiko ditu, eta langileen eta erabiltzaileen segurtasuna bermatzeko eta osasuna babesteko, instalazioetan zenbait segurtasun-arau ezarri dira. Alde batetik, gimnasioa bi zatitan banatuko da: kardioa eta muskulazioa (8-10 lagun) eta beheko solairuan bizikletak (10 lagun gehienez) jarriko dira.

Erabiltzaileek bi eskuoihal eraman beharko dituzte uneoro, eta ezinbestekoa izango da aldez aurretik erreserba egitea aurrez aurre edota telefonoz, 946 48 06 21 zenbakira deituta. Pertsona bakoitzak gehienez ere 45 minutuz erabili ahal izango ditu instalazioak eta astean bi erreserba egin ahal izango ditu (egun horretan plaza libreak gelditzen badira, egun horretan ere sartu ahal izango dira).

Ekintzei dagokionez, Spinning, Yoga eta Pilates urriaren 1ean hasiko dira eta interesdunek hilabete baterako bakarrik eman dezakete izena, hiruhileko baterako izan beharrean, orain arte bezala. Oraingoz, ez da 20 minutu o ikastarorik egingo, ez GAPik ez Zumbarik. Halaber, eskolaz kanpoko kirol eta igeriketa jarduerak ere ez dira emango, segurtasun neurriak bermatu ezin direlako. Aipatu behar da, gainera, aldagelak erabil daitezkeela, baina dutxak, kontran, ez.

Zentzu horretan, Ekaitz Mentxaka alkatearen esanetan “beharrezkoa da instalazio bakoitzarentzat sartzeko neurriak, erabiltzeko, egoteko, higiene eta desinfekzio araudiak ezartzea, erabiltzaileen, bazkideen, kirol taldeen eta ikastetxeen segurtasuna bermatzeko”. Konpentsazio-neurri gisa, gimnasioaren prezioa 18 eurokoa izango da, 25,50 euro izan beharrean; bestalde, Yoga, Pilates eta Spinningen prezioa mantendu egingo da, mundu guztia orain arte bezala bi aldiz joan ahal izango dela bermatu ahal izango baita. Urte bukaerara arte kiroldegia erabili nahi ez dutenek abonuaren zati proportzionalaren itzulpena eskatzeko aukera izango dute urriaren 15a baino lehen.