Albisteak

Ostalari, elkarte, klub, saltoki, jai batzorde, koadrila eta, oro har, herritarren erantzuna arduratsua eta solidarioa izan da.

Udalak jaiegunen normaltasuna azpimarratzen du, ugaotarren lasaitasuna eta zuhurtzia nagusitu baitira.

Udiarragako Ama Birjinaren omenezko jaiak ospatu behar ziren egunak igaro ondoren, Ugao-Miraballesko Udala osatzen duten bi talde politikoek (EAJ-PNV Ugao eta EH Bildu Ugao) oso balantze positiboa egin dute; izan ere, herritarrek zuhurtziaz eta zentzuz jokatu baitute eta haien jokabidea arduratsua eta eredugarria izan baita.

Uztailaren erdialdean, Udalak jaiak bertan behera uzteko erabakia jakinarazi zuen. Erabaki zaila izan zen baina, era berean, beharrezkoa, gaur egun bizi dugun egoerarekin bat datorrena eta erantzukizun handienetik hartutakoa, kontzentrazio handiak eta jende-pilaketak saihesteko. Erabakia Jai Batzordeak eta Udalak berak hartu zuten.

Irailaren 1ean, Udalak berau osatzen duten bi alderdi politikoen komunikatu bateratu bat atera zuen, herritar guztioi gogorazteko aurten ez zirela ospatuko Udiarragako Ama Birjinaren omenezko jaiak; eta, aldi berean, ugaotarren konplizitatea eta erantzukizun indibiduala eta kolektiboa eskatzen zen, arduraz jokatzeko. Horrela, publiko- kontzentrazio handiak saihestu nahi ziren, eta, beraz, birusaren hedapena minimizatzea. Azken batean, guztion osasuna bermatzeko eta Ugao-Miraballesen etorkizun ekonomiko eta soziala eraikitzen jarraitzeko.

Ugaotar gehienek errespetatu egin dute Covid-19aren aurkako segurtasun-arau nagusiak betetzeko Udalak egindako deia (maskarak erabiltzea, segurtasun-distantzia mantentzea, pilaketak saihestea, edukiera errespetatzea, terraza gisa mugatutako guneetan kontsumitzea eta ostalaritzako lokalen itxiera-ordutegiak errespetatzea).

Izan ere, normaltasuna izan da nagusi egun hauetan, eta ez da aparteko gorabeherarik izan. Elkarte, klub, denda, jai batzorde, koadrila eta herritar guztien erantzuna eredugarria izan da, eta bereziki ostalariena. Pandemiak gehien astindu duen sektoreetako bat izan arren, horietako askok, baita indaba egunean ere, pertsiana jaistea erabaki dute, erantzukizun sozialagatik. Zalantzarik gabe, aitortu eta eskertzeko jarrera duina.

Era berean, merkataritza funtsezko sektore ekonomikoa da herrian, koronabirusaren murrizketek gehien zigortu dutenetako beste bat. Zentzu horretan, Ugaoko Udalak herritar guztiei Ugaoko establezimenduetan kontsumitzeko deia luzatzen die, herriko saltokien garrantziaz kontzientziatzeko. Enplegua mantentzen eta lokalen ixtea saihesten lagunduko duen apustua da.

Udalak espero du datorren urtean jaiak normaltasunez ospatu ahal izatea eta Ugaotarrek laster berreskuratzea aurten koronabirusak kendu digun ilusioa. Inoiz baino gogo handiagoz antolatuko dira festa horiek.