Albisteak

 Aurreko edizioetako arrakastari esker eta Ugao-Miraballes hobeago bat egiteko ugaotarren proposamen, iradokizun eta ekarpenak biltzen jarraitzeko apustuari eutsiz, Ugao-Miraballesko Udalak aurrekontuak osatzeko partaidetza bidezko prozesua abiarazi du, zazpigarren urtez jarraian. “Udalak herritarren iritzia ezagutu nahi du, ahotsa eman nahi diegu, aurrekontuaren zati bat beren eskaera zehatzenak betetzeko erabili nahi dugu. Eta horretarako, aurreko urteetan hainbesteko arrakasta izan duen Aurrekontu Parte-hartzaileen prozesu berri bati ekin diogu”, adierazi du Ekaitz Mentxaka alkateak. “Prozesu hau ezinbesteko tresna da herritarren nahiak adierazteko eta ugaotarrak, gure jarduera politikoaren erdigunean jartzeko” gaineratu du.

Horretarako, Udala galdetegi txiki batzuk etxebizitzetara bidaltzen hasi da gaur, herritarrek euren ekarpenak helaraz dezaten. Jada ohikoa denez, asmoa ekarpen horiek jaso eta lehenestea da, gero, ahal den neurrian, gauzatzeko, aurreko okasioetan egin den bezala. Izan ere, ekimena hasi zenetik, ugariak izan dira ugaotarrek egindako ekarpenak eta ostean gauzatu egin direnak. Hainbat jarduketa egin dira, hala nola Eguneko Zentroaren ondoko espaloia beheratzea eta egokitzea, gehiegizko malda kentzeko. Era berean, hainbat hobekuntza egin dira hainbat auzotan, argiztapenarekin eta garbiketarekin zerikusia duten jarduketak gehienak.

Prozesuaren funtzionamenduari dagokionez, ugaotarrek gaurtik aurrera euren etxebizitzetan jasoko dituzten galdetegiak bete eta Udalean, Jane Jauregian, Gazteak Informatzeko Gunean (Gazteinfon) eta Kiroldegian kokatutako buzoietan utzi beharko  dituzte azaroaren 27a baino lehen. Galdetegiaren bertsio digitala www.ugao-miraballes.net udal webgunean ere bete daiteke.

Zentzu horretan, aipatzekoa da aurrekontua ezagutaraztea eta proposamenak edota iradokizunak jasotzeko helburu bikoitzarekin, alkateak harrera egingo diela udaletxera hurbildu nahi diren guztiei azaroaren 23an eta 30an, 8.30etatik 14:00etara eta 17.00etatik 19.00etara. Halaber, abenduaren 15ean 17:00etatik 19:00etara aurrekontuen proiektua aurkeztuko da Gaztelekuan (Kultur Etxeko beheko solairuan). Bertan ugaotarrek aurrekontuaren inguruan izan ditzaketen zalantzak ere argituko dira.

Galdetegia (PDF 785KB)

Aurrekontua (PDF 785KB)