Albisteak

 

Guztira, Ugao-Miraballesko Usila poligonoko 20 enpresek Udaltalde 21 Nerbioi-Ibaizabalen “Hondakinen kudeaketa azkarra poligono industrialetan” proiektuaren azkeneko pilotaje fasean hartuko dute parte hurrengo astelehenetik aurrera, urtarrilak 14.

Hondakinen bilketa eta kudeaketaren egungo egoera hobetzea helburu izanik, hondakin hauen bilketa atez-ate egingo da eta besteak beste papera eta kartoia, plastiko bilgarria (plastiko film-a) eta egurra (palets eta egur zatiak) jasoko dira. Hondakin hauen kudeaketa hobetu ahal izateko garrantzitsua da gaikako banaketa egokia egitea. Hori dela eta, ez dira jasoko ondo banatuta ez dauden hondakinak, ezta proiektu honen helburu ez diren hondakinak ere.

“Eskualdeko lankidetza-esperientzia honen bitartez, Ugao-Miraballesek garapen iraunkorraren aldeko aurrerapauso berria ematen du, iraunkortasun irizpideak udal politikan integratuz eta herritarren bizi kalitatea hobetuz” adierazi du Ekaitz Mentxaka Ugao-Miraballesko alkateak.

Pilotajea urtarrilaren 14an hasi eta otsailaren 8ra arte luzatuko da. Bilketa ostiraletan egingo da, 15:00tik aurrera.