Albisteak

 

Azken asteetan amaitu dira Ugao-Miraballesko Udalak 2018ko irailean Arandiako futbol zelaian hasitako hobekuntza lanak. Hauek amaitu ostean, osatuta geratu dira kirol-azpiegiturak eraberritzeko proiektuari dagozkion lanak.

Jarduera nagusia azken belaunaldiko azal sintetikoa ezarriz soropila berriztatzea izan den arren, futbol-ate berriak jarri eta kirolguneko beste elementu batzuk ere hobetu dira, esaterako aulkiak eta lau eserleku eramangarri.

Lan hauen plangintza egokiak jokalekua irailetik, denboraldia hasi zenetik, erabiltzeko moduan egotea ahalbidetu du. Garrantzitsua da azpimarratzea Arandiakoa dela udalerrian dagoen futbol-zelai bakarra eta berau etengabe erabiltzen dela, egunero programatuta baitaude entrenamenduak eta asteburuetan kategoria desberdinetako partidak egoten dira.

Proiektu hau aspalditik eskatu dute instalazioen erabiltzaile diren etxeko taldeek zein herritarrek oro har. Futbol-zelaietako belar artifiziala 10-12 urte artean izaten da erabilgarri, eta dagoeneko 15 urte ziren Arandiako belarra ezarri zenetik, beraz beharrezko izan da berau berriztatzea. Jarduketa honen bidez Ugao-Miraballesek datorren hamarkadarako  kalitate handiko kirol-instalazioak izatea lortu da.

Proiektu honen azken inbertsioa 154.779 eurokoa izan da. Udal kirol azpiegitura hauen eraberritze-lanek Bizkaiko Foru Aldundiaren baterako finantzaketa izan dute; izan ere, joan den ekitaldian 46.852 euroko diru-laguntza jaso zuen Herri Administrazioa eta Erakunde Harremanetarako Foru Sailaren aldetik, Bizkaiko Foru Aldundiak udal eskumeneko erabilera edo zerbitzu publikoei lotutako azpiegituretarako inbertsioak sustatzeko xedez udalei ematen dien diru-laguntza programaren barruan.