Albisteak

 

Ugao Shopping Zure Neurrira, hauxe da Ugao- Miraballesko Udalak, Merkatarien Elkartearekin eta udalerriko gainerako establezimenduekin lankidetzan, tokiko saltoki txikiak sustatzeko eta aldi berean, udalerriko ostalaritza bultzatzeko martxan jarri duen kanpainaren izena.

“Ugao-Miraballesko merkataritzak eta ostalaritzak nortasun berezia dute, kalitatea, profesionaltasuna eta arreta pertsonalizatua eskaintzen dute. Horregatik, azkenengo urteotan abiarazten ari garen beste neurri batzuei lotzen zaien kanpaina berri honekin, Ugaon erosteak eta kontsumitzeak duen garrantzia helarazi nahi diogu kontsumitzaileari”, adierazi du Ekaitz Mentxaka, udalerriko alkateak.

Kanpaina, bezeroei bere erosketak Ugaon egiteko erraztasunak eskaintzeaz gain, promozioak egin eta fideltasuna sustatzeko tresnak merkatarien eskura jartzeko hainbat jarduketaz osatzen da:

  • Gida Komertzial baten argitalpena: datozen egunotan, Udalak hiribilduko merkataritza eta udal arloko informazioa biltzen dituen gida bat banatuko du bizilekuetan, herritarrek eskaintza komertzial zabala eta udal zerbitzu guztiak ezagutu eta aukera guztiak aprobetxatu ditzaten.
  • Triptiko informatiboa: gidaren bidalketa aprobetxatuz, udalak triptiko informatibo bat ere banatuko du herritarrek kanpainaren xehetasunak ezagutu ditzaten.
  • 20.000 harraskatu eta irabazi txartel bezeroen fideltasuna saritzeko: urritik aurrera, guztira 1.250 euro banatuko dira 10 eta 25 euroko deskontu txarteletan udalerriko edozein komertziotan kontsumitzeko. Halaber, txartela eskuratzen dutenen artean kotoizko 500 poltsa ere zozketatuko dira sari gisa.
  • Urteko komertziorik onenaren I. lehiaketa: urriaren 1etik azaroaren 10era, Ugaoko komertzio, ostalaritza- edo zerbitzu-establezimendurik onenaren alde botoa eman ahal izango da. Azaroaren 16an 200 euroko opari txekea zozketatuko da.
  • Azaroaren 26an, kontsumo arduratsuaren inguruko ekitaldia: Merkatarien Elkarteak antolatuko du ekitaldi hau etxeko txikiak saltoki txikietara animatu eta hurbiltzeko. Umeen tailerrak, kontsumo arduratsuaren inguruko jokoak, photocall-a, puzgarriak… izango dira.
  • Kartelak autobusetan: Zeberio eta Ugao-Miraballes lotzen dituzten autobusetan Ugao Shopping-eko iragarkiak ikusgai daude jada, kanpaina kontsumitzailearentzat ezaguterrazagoa izan dadin.

Gogorarazi beharra dago, udalerriko komertzio eta ostalaritza sektoree eskaera nagusienetako bati erantzunez, irailaren erdialdetik, Gernikako Enparantzako txandakako parking berrian aparkatu daitekeela. Erosketaren bat egitera, jatetxeren batera jatera… doazen pertsonei aparkatzea errazteko xedearekin, Udalak doako 32 aparkaleku egokitu ditu.

Halaber, azaroa eta abenduari begira, Udalak “Ugaobono” ekimena berrabiaraztea aurreikusten du, saltoki txikietan kontsumoa bultzatzen jarraitzeko helburuarekin.

Informazio liburuxka (PDF 2,26MB)