Albisteak

 

Ugao-Miraballesko Udalak Eguneko Zentroa eta El Jaro Udal Polikiroldegiko zonaldean dagoen BI-625 foru-errepidean pultsadorea duen semaforo bat instalatu berri du. Jardun honen bidez Udalak zonaldeko herritarren eskakizunei erantzuten die, errepidea gurutzatu nahi duten oinezkoen igarotzea erraztuz, eta batez ere, euren segurtasuna are gehiago bermatuz.

“Gune honetan, eguneko zenbait momentutan oinezko zein ibilgailuen igarotzea handia da oso. Printzipioz, foru aldundiaren errepide bat izanik, Udalak ez du trafiko alorrean jarduteko eskumenik. Halere, urteetako lanen ondoren, aurrerapauso garrantzitsu bat eman dugu jardun hau martxan jartzea eta herritarren eskakizunei irtenbide eraginkor bat eskaintzea ahalbidetu diguten Bizkaiko Foru Aldundiaren baimenak lortuz” baieztatu du Ekaitz Mentxaka, Ugao-Miraballesko alkateak. Alkateak azpimarratu du oinezkoak gunean noizbehinka pilatzen diren ibilgailuen joan-etorrietatik babestea izan dela Udalaren lehentasuna eta foru erakundearen baimena lortu ondoren, berehala abiarazi dituztela lanak.

Pultsadoredun semaforo honen instalazioarekin batera, errepideko bi aldeetako espaloiak egokitu dira irisgarritasuna eta oinezkoen igarotzea hobetzeko.

Udalak guztira 19.020 euro (BEZa barne) inbertitu ditu bi jardunetarako. Lanok hilabete bateko iraupena izan dute, gutxi gorabehera.

Gogorarazi behar da ere, Udalak hurrengo asteetan zehar foru-errepide honetan obra gehiago abiaraziko dituela, besteak beste, LED teknologia duten berrogeita hamar argien eraberritzea. Udalak 25.000 euro (BEZa kanpo) baino gehiago zuzendu ditu jardun hau martxan jartzeko, zeinaren bitartez, bide sergurtasuna eta efizientzia energetikoa hobetzearen aldeko apustua egiten duen, udalerrian CO2 emisioak murriztuz. Halaber, Udiarraga kaleko eta Arandiako bide-zoruak eta oinezkoen guneak ere berritu egingo dira; okasiorako 60.000 euro inguru inbertituko dira.