Albisteak

 

Adikzioen fenomenoa, substantziekin edo substantziarik gabe, bere osotasunean jorratu beharra dago. Horregatik Ugao- Miraballesko Udalak, 2019ko azkenengo lauhilabeteko honetan zehar, udalerriko Adikzioen Plan bat garatuko du. Berau egiteko ezinbestekoa da udalerriko egoeraren diagnostiko oso eta integral bat egitea eta antzemandako beharrizanekin eta egungo Lege eta Euskal Autonomia Erkidegoko Adikzioen VII. Planaren ildoekin bat etorriz plangintza bat ezartzea.

Udalak 2004-2008 urteetan zehar Droga-Menpekotasunei buruzko plan bat izan zuen. Plan berri honek beste adikzio mota batzuk barne hartzeaz gain, gazte, familia, erakunde eta elkarteen parte hartzea ere sustatuko du. “Diagnostiko honek gure udalerrian drogen kontsumoarekin lotutako arriskuen errealitatea ezagutzeko balioko digu eta etorkizunean, osasunerako prebentzio, sentsibilizazio eta hezkuntza arloetan garatu daitezkeen neurri zehatzak dituen ekintza planak definitzeko” adierazi du Ekaitz Mentxaka Ugao-Miraballesko alkateak.

Hori dela eta, datozen hilabeteotan hainbat “focus group” egingo dira udalerriko gizarte ordezkaritza zabal batekin. Halaber, drogen eta substantziarik gabeko beste adikzio mota batzuen (bideojokoak, sare sozialak, zorizko jokoak eta apustuak…) kontsumoen azterketa egingo da udalerriko bigarren hezkuntzako ikasleen artean.

Udalak plan berria 2020an ezarri ahal izatea aurreikusten du. Etorkintza Fundazioko profesional talde bat arduratuko da diagnostikoa egiteaz eta datozen urteotan garatzeko lehentasunezko esku-hartze lerroak ezartzeaz. Aipatutako plan hau burutzeko, Udalak 8.820 euro bideratuko ditu.