Albisteak

 

Azaroaren 25ean ospatzen den Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna dela eta, Ugao- Miraballesko Udalak ekintzaz beteriko egitaraua antolatu du aurten. Horien artean, nabarmentzekoak dira, besteak beste: autobus ibiltaria, zine-foruma, berdintasunaren aldeko martxa, marrazki lehiaketa, erakusketak, iman eta poltsen banaketa, Udaletxearen eta Jane Jauregiaren argiztapena, eta abar luze bat.

Hasteko, pasa den ostegunean, Emakunderen (Emakumearen Euskal Erakundea) 2019 Berdintasunerako gunearen autobus ibiltaria Herriaren Enparantzan instalatu zuen. Izan ere, goizean zehar Ugao-Miraballesko Ikastolako 5. eta 6. mailako ikasleek tailer anitzetan hartu zuten parte. Arratsaldean, ostera, 16:30ak aldera, Eskarne Larrinagak dinamizatutako “Diario de una ninfómana” zine-foruma ospatu zen.

Halaber, udal ugaotarrak hurrengo egunotan emakumeenganako indarkeriaren aurkako jarduera-protokoloari buruzko informazio-ohar bat bidaliko du etxeetara, iman (PDF 79KB) batekin batera, non biktimari arreta zenbakia agertzen den. Antolatutako ekintzetan parte hartzen dutenen artean ere Emakunderen kanpainaren “Erabakitzen dudana izango naiz” leloa duten 500 poltsa (PDF 117KB) ere banatuko ditu.

Horretaz gain, azaroaren 18tik aurrera yeta hurrengo astearen erdialdera arte udaletxeko eta Jane Jauregiko fatxadak lilaz argiztatuko dira, emakumeen kontrako biolentzia gaitzesten duen puntu lilari erreferentzia eginez. “Udaletik gaitza hau sufritu duten eta sufritzen duten emakumeak gogora ekarri nahi ditugu, baita gure laguntasun osoa erakutsi ere” baieztatu du Ekaitz Mentxaka alkateak.

Bestalde, azaroaren 23an, larunbata berdintasunaren aldeko martxa bat antolatu da herriko kaleetan zehar emakumeen eta gizonen arteko benetako berdintasuna aldarrikatzeko helburuarekin. Ekimena 12:30ean hasiko da Herriaren Enparantzan non martxan eramango diren petoak banatuko diren. Behin bukatuta, talde argazkia egingo da.

Ekaitz Mentxaka alkateak herritarrak animatzen ditu antolatutako ekimenetan parte hartzera, “emakumeen aurkako indarkeriari heltzeko gizarte osoaren inplikazioa funtsezkoa delako. Gure gaitzespen irmoa adierazi behar dugu indarkeria sexistaren adierazpide guztien aurrean, baita emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko berdintasunezko gizarte bat eraikitzeko konpromisoa ere”.

Zentzu horretan eta azaroaren 25a Emakumeen Aurkako Indarkeria Ezabatzeko Nazioarteko Eguna dela eta “indarkeria matxistatik libre egongo den gizartea eraikitzearekin dugun konpromisoa berretsi nahi dugu. Horretarako, azaroaren 26an ospatuko dugun osoko bilkuran, adierazpen instituzional bat onartzea aurreikusita dugu” azaldu du alkateak.

Gizon eta emakumeen arteko berdintasunari buruzko XII. marrazki lehiaketa 2019

Jada ohikoa den moduan, beste urte batez, Ugao-Miraballesko Udalak 6 eta 18 urte bitarteko ugaotarrei zuzendutako “Gizon eta emakumeen arteko berdintasunari buruzko XII. marrazki lehiaketa 2019” abiarazi du. Oinarriak (PDF 137KB) Lanak jasotzeko epea 2019ko azaroaren 4tik azaroaren 18ra bitartekoa izango da (Ugao-Miraballesko udaletxean edo Jane Jauregian) eta marrazkiaren gaia neska-mutilen arteko berdintasun baloreetan heztea, elkarrenganako errespetuak eta gizon-emakumeen arteko botere harreman zuzenak ezartzeak duen garrantzia, eta emakumeen aurkako bortizkeria gaitzestea izango da.

Hiru maila ezarri dira, maila bakoitzak hiruna sari izango dituelarik (Bonoak eskola, kirol edo kultur materialaren truke aldatu ahal izango dira udalerriko komertzioetan):

Sari banaketa azaroaren 22an izango da, arratsaldeko 16:45etik aurrera Ugao-Miraballesko Udaleko Pleno aretoan. Banaketaren ondoren puxika moreak askatuko dira. Aipatzekoa da azaroan aurreko urteetako lanak bilduko dituen erakusketa bat egingo dela Jane Jauregian.