Albisteak

 

Zazpigarren urtez jarraian eta aurreko urteetan izandako arrakasta kontuan izanda, Ugao-Miraballesko Udalak berriro ere abiarazi du aurrekontuak egiteko prozesu parte-hartzailea. Gauzak horrela, Udalak bizilagunek udal-aurrekontuaren zati bat erabiltzeko moduari buruzko proposamenak egin ahal izateko prozesu irekiak bultzatzearen aldeko apustua egiten jarraitzen du, ugaotarrekin norabide biko harremana ezarriz.

Iaz bezala, galdetegi txiki batzuk prestatu ditu herritarrek euren ekarpenak helarazteko. Ekarpen horiek, lehenetsi, eta ahal den neurrian, 2020ko aurrekontuetan sartzeko ahalegina egingo da. Aurtengo aurrekontuetan jada bizilagunen iazko iradokizunak barneratuta daude, horien artean Goikiriko jolas berrien instalatzea edota Udiarraga 77ko inguruaren berrurubanizazioa. Aurreko urteetan zehar jasotako iradokizunetako asko errealitate bilakatu dira dagoeneko. Nabarmentzekoak dira, besteak beste:

  • Haurreskolaren handitzea.
  • Aire librean gimnasia egiteko makinak.
  • Futbol zelaiko belarraren eta galdararen aldatzea.
  • Baselizako umeen jolasgunearen estaltzea.
  • Victor Chavarri, Lehendakari Aguirre eta Haurreskolako zibuen eraberritzea.
  • Tokiko komertzioa sustatzeko Ugaobono ekimena.
  • Jane Jauregiaren eraberritzea.
  • Efizientzia energetikoarekin lotutako jarduerak.

Ekaitz Mentxaka alkatearen esanetan, “aurrekontuak guztion ardura dira, eta, beraz, Udalaren kudeaketa hurbilago, gardenago eta parte-hartzaileago egingo duen ekimen honetan parte hartzera animatzen zaituztet”. Gauzak horrela, “Zuek zarete auzoetako beharrizanak hobekien ezagutzen dituzuenak horregatik zuen iritzia eskatu nahi dizuegu, zuen ekarpenak jaso nahi ditugu, auzo bakoitzeko bizi-kalitatea hobetzeko eta denok nahi dugun etorkizuneko Ugao-Miraballes elkarrekin eraikitzeko” gehitu nahi izan du alkateak.

Dagoeneko, Ugao-Miraballesko Udala hasi da galdetegiak etxebizitzetara bidaltzen. Horiek bete ostean udaletxean, Jane Jauregian, Gazteak Informatzeko Gunean- Gazteinfon eta Kiroldegian kokatutako gutunontzietan uzteko aukera egongo da, honetarako azken eguna azaroaren 14a izanik. Horrela nahi izanez gero, galdetegiaren bertsio digitala (PDF 1,8MB) ere bete daiteke. Era berean, gutun bana bidali da herriko elkarte eta kirol klub guztietara, egokitzat jotzen dituzten iradokizunak egin ditzaten.

“Udaletxeko ateak parez pare urte osoan zehar zabalik dauden arren” aurrekontu parte-hartzaileen ekimenaren barruan, ate irekiko bi jardunaldi egingo dira azaroaren 18 eta 25ean, 8.30etik 14:00etara eta 17.00etatik 19.00etara zeinetan alkateak berak aurrekontuari ekarpenen bat egin nahi edo aurrekontuaren daturen bat kontsultatu nahi duten herritarrei harrera egingo dien.

Azkenik, herritarrek aurrekontua ezagutzeko eta dauzkaten zalantzak argitzeko aukera izango dute abenduaren 9an, 17.00etatik 19:00etara Gaztelekuan.