Albisteak

 

Iazko edizioaren arrakasta ikusita eta udalerriko komertzioetako kontsumoa sustatzen, indartzen eta erosketak bultzatzen jarraitzeko helburuarekin Ugao-Miraballesko Udalak “Ugaobono” kanpaina abiarazi du bigarren urtez jarraian.

Gaurtik aurrera eta abenduaren 31ra arte, guztira 1.000 bono emitituko dira; 30 euroko (Udalak 10 euro jarriko ditu) 850 eta 15 euroko (Udalak 5 euro jarriko ditu) beste 150 bono. Hortaz, bonoak erosiko dituzten pertsonek %33 aurreztuko dute beraien erosketetan eta era berean, tokiko dendariak sarituko dituzte salmentak sustatuz.

“Gure komertzioek, egunero ateak irekitzen jarraitzea nahi dugu eta iaz ikusi genuenez bono hauek sektore honen dinamizaziorako tresna garrantzitsu bat izan ziren, gure dendek eskaintzen duten kalitatezko harremana eta hurbila osatzeko pizgarria. Hori dela eta Udaletik 10.000 euro bideratu ditugu aurten ere berritasun batzuekin datorren kanpaina hau abiarazteko” azaldu du Ekaitz Mentxaka alkateak.

Kanpainaren helburu nagusia udalerriko komertzioetan kontsumitzea izanik Ugao- Miraballesen erroldatuta daudenek zein erroldatuta ez daudenek erosi ahal izango ditu. Halere, ugaotarrek metatuak izan daitezkeen 2 bono erosi ahal izango dituzte gehienez eta iaz ez bezala, udalerrian erroldatuta ez daudenek, aldiz, bono bakarra eskuratu ahal izango dute. Kasu denetan, adinduna izan beharko da.

Iaz bezala, bonoak udaletxeko lehen solairuan egongo dira salgai astelehenetik ostiralera 7:30etik 14:00etara eta astelehenetan arratsaldez ere, 17:00etatik 19:00etara. Erosleak pertsonalki aurkeztu beharko dira eta bonoak ezin izango dira beste pertsona baten izenean hartu.

“Ugaobono” kanpainarekin bat egin nahi duten komertzioek, ostegunetik kanpaina amaierara arte, udaletxean bertan parte hartzeko eskakizuna entregatu behar izango dute herritarren arretarako udal bulegoan. Atxikitako komertzioei pegatina bat, kartel bat eta kanpainako oinarriak emango zaizkie kanpainaren parte direla bereizteko. Zapata-denda, harategi, arrandegi, arropa denda, osagarri, liburu-denda, fruta-denda, okindegi, altzari, jostundegi, bitxi-denda, burdindegi, izoztu, ile-apaindegi, fisioterapia… artean hamarnaka komertziok izango dute kanpainarekin bat egiteko aukera.

Komertzioa sustatzen zozketak, kontratazio eta kanpaina berrien bitartez

Era berean, gogoratu beharra dago, paraleloki, Udalak herriko negozio eta komertzioak indarberritu, dinamizatu eta sustatzeko xedez, hainbat kanpaina jarri dituela martxan urte honetan zehar.

Hasteko, martxoan, hiribildu prestuaren urteurrena zela eta, Udalak kanpaina bat abiarazi zuen, zeinetan, saltokietan egiten ziren erosketek dirusari bat jasotzeko aukera zuten. Gauzak horrela, 200 euro, 100 euro eta 50 euroko bonoak zozketatu ziren.

Bestalde, irailean zehar, Lanbideren eskutik eta 2019-2020 Enplegu Planaren bitartez, merkataritza teknikari bat 6 hilabetez kontratatzeaz gain, Ugao-Miraballesko Udalak, Merkatarien Elkartearekin eta udalerriko gainerako establezimenduekin lankidetzan, Ugao Shopping Zure Neurrira kanpaina sortu zuen. Ekimena, bezeroei bere erosketak Ugaon egiteko erraztasunak eskaintzeaz gain, promozioak egin eta fideltasuna sustatzeko tresnak merkatarien eskura jartzeko hainbat jarduketaz osatzen da.

Halaber, gogorarazi beharra dago, udalerriko komertzio eta ostalaritza sektoreen eskaera nagusienetako bati erantzunez, irailaren erdialdetik, Gernikako Enparantzako txandakako parking berrian aparkatu daitekeela. Erosketaren bat egitera, jatetxeren batera jatera… doazen pertsonei aparkatzea errazteko xedearekin, Udalak doako 32 aparkaleku egokitu ditu.

Kartela (PDF 657KB)