Albisteak

 

Ugao-Miraballesek aurrekontu berriak izango ditu datorren urtean. Gobernu taldearen (EAJ-PNV) aldeko 7 bozkekin eta EH Bilduren aldeko beste 4 botoekin, Ugao-Miraballesko Udalak pasa den osteguneko arratsaldean ospatutako osoko bilkuran 2020 udal aurrekontuak aho batez onartu zituen. Aurrekontua 4,93 milioi eurokoa izango da, iazkoarekin alderatuz %11,5eko gorakada suposatzen du.

“Otsailean onartu genituen 2019ko aurrekontuak eta 10 hilabete beranduago, 2020koak bideratuta ditugu jada, eta hau, zalantza gabe, albiste ona da ugaotarrentzat. Gure helburua aurrekontuak lehenbailehen indarrean sartzea da, urtarrilean posible bada. Era berean, azpimarratu beharra dago, aho batez onartu direla. Adostasunetara iristeko jarrerarekin jokatu dugu beti, Korporazioa osatzen dugun bi taldeok, gure herriarentzako onena nahi dugu eta guztion artean, akordioei esker, Ugaorentzako aurrekonturik onenak osatu ditugula uste dut”, esan du Ekaitz Mentxaka Ugao- Miraballesko alkateak.

Mentxakak gogorarazi du, Gobernu taldearen lana gidatu duten eta gidatuko duten printzipioak mantendu egiten direla: “kalitatezko zerbitzu publikoak eskaintzen jarraitzea eta ugaotarren ongizatea bermatuko duten baldintzak sortzen eta indartzen jarraitzea”.

Udal Gobernuak, oposizioak aurkeztutako 2 emendakinak onartu ditu, 63.277,46 euroko balio dutenak:

  • Etxebizitza hutsak alokairura bideratzeko partida 6.000 eurotik 25.277,46 eurora handitzen da.
  • Irisgarritasuna hobetzeko partida bat gehitzen da. Emendakin honek, polikiroldegian igogailu baten instalazioa jasotzen du (30.000 euro) eta udaletxearen sarreran irisgarriak diren ate batzuen instalazioa baita (14.000 euro).

Honez gain, datorren urteko aurrekontuetan, udal langileen soldataren %2,3ko igoera ere jasoko da, alkatetzaren kasuan %2koa izango da, 12 urtez izoztuta egon ondoren.

2020ko aurrekontuaren ardatz nagusiak

Datorren ekitaldiko kontuak izaera soziala izaten jarraituko dute. Legeak jasotako baldintzak betetzen dituzten pertsona guztiei emango zaizkie dirulaguntzak, beharrezkoa denean horretarako partidak handituz. 2020ko aurrekontuan Larrialdietarako Laguntzetara zuzendutako partidak berriz ere handitu egingo dira, 2019ko 86.000 eurotik 2020an 95.000 eurora pasatuz. Udalak mendetasunean dauden pertsonen zaintzaileei laguntzeko Zainduz programaren aldeko apustu argia ere egiten du.

Era berean, aurrekontu berriek kirolaren alde egiten dute, eta bereziki kiroldegiko zerbitzuak hobetzearen alde. Zentzu honetan, lizitazio berri bat aurreikusten da, baldintzak hobetzeko, gimnasioko makinak berrituko dira, kiroldegiko lehenengo solairuko airea berrituko da, lehen aldiz udako igerilekuetan ur beroa jarriko da, kiroldegian igogailu bat instalatuko da (oposizioaren proposamena), etab. Pumptruck pista bat ere eraikiko da, gazteak patinete eta bizikletaz ibili daitezen.

Kontuek, oposizioko taldearen beste proposamen bat ere jasotzen dute, hutsik dauden etxebizitzak alokairu eskuragarrira mugitzea alegia. Partida 6.000 eurotik 25.000 euroraino igoko da. Merkataritza, tokiko komertzioa biziberritzea gobernu ekintzen beste ardatz garrantzitsuetariko bat izango da, besteak beste, Ugaobono eta Ugao Shopping bezalako jarduera eta kanpainak mantenduz.

Inbertsio nabarmenak

  • Paisaiarako Ekintzen Planean kokatutako garapen ekintzak: 68.266,74 euro
  • Hiri Antolamenduari buruzko Plangintza Orokorra: 50.811,78 euro
  • Energia eraginkortasunerako jarduerak: 26.040 euro
  • Arandiako igerilekuen arazketa: 8.470 euro
  • Kiroldegiko igerilekuetan bonba berriak jarri: 6.430 euro
  • Gazteentzako Pumptruck pista bat eraiki: 48.194,30 euro
  • Goikirin panel argiztatu bat jarri: 18.125 euro
  • Irisgarritasun jarduketak Udaletxean: 14.000 euro
  • Kiroldegian igogailu bat jarri: 30.000 euro
  • Jane Jauregiko komunak birmoldatu: 41.259,79 euro

Parte hartze bidezko aurrekontuen prozesuaren bidez eta udal Gobernuak 2019an zehar aintzat hartutako proposamenei dagokionez, kontuek herritarrek proposaturiko honako jarduerak jasoko dituzte:

  • Ikasteko Gelarako altzari berriak erosi: 3.785,68 euro
  • Kalisteniako gailua kokatzen den guneko zoladura egokitzea: 1.500 euro
  • Arandiako igerilekuetako aldageletan ur beroa jarri: 18.700 euro
  • Kiroldegiko 1. solairuko airea berritu: 25.410 euro