Albisteak

 

Ugao-Miraballesko Udalak hitzarmen bat sinatu du Amurriko eta Laudioko Udalekin ekimen honetara gehitzeko. Kanpainaren helburua alkohola kontsumituko duten gazteei informazioa ematea eta eurekin lan egitea da.

Ugao-Miraballesko Udalak bat egin du "Gelditu geltokian-Para en la parada" izeneko kanpainarekin. Amurrio eta Laudioko Udalek martxan jarritako ekimena da, herritarrak eta zehazki gazteak, alkoholaren gehiegizko
kontsumoak dituen arriskuez informatzeko helburuarekin. Hala, Ugao-Miraballesko Udalak hitzarmen bat sinatu du bi udal arabarrekin kanpaina honetara gehitu eta bere ekarpena egiteko.

Kanpaina RENFErekin lankidetzan ari da burutzen, izan ere, Urduña eta Bilbo lotzen dituen eta Ugao-Miraballesko udalerritik pasatzen den linean ari baita garatzen, linea honetako tren geltoki batzuetan hain zuzen ere. Kanpaina ezagutarazteko, eta Ugaoren kasuan zehazki, geltokian kartelak jarriko dira modu iraunkorrean, eta informazio eskuorriak eskainiko dira tren ordutegi formatuan, erabiltzaileek jaso ahal dezaten.

Kontsumoan gelditu, arazorik ez izateko. Hori da kanpaina honetako euskarrien bitartez zabaldu nahi den mezua. Kartel eta eskuorri hauetan, edari alkoholdunen izena duten geltokiak dituen tren ibilbide baten bitartez sinbolizatutako alkoholaren kontsumoa, garaiz gelditzearen garrantziarekin lotzen da, eta hori "kontrol gunearen" bitartez markatzen da.

Erakunde desberdinen arteko lankidetza hau ekintza koordinatu gisa ikusten da. Guztiek konpartitzen dituzte arazoak eta elkarlanean ari dira helburu komun batzuekin.

Kartela ikusi (PDF; 1,28MB)