Albisteak

 
Ugao-Miraballesek Mugiment Kirol Txartela kirol instalazioak txartel bakarrarekin erabiltzeko ekimenarekin bat egin du eta ugaotarrek, gaurtik aurrera, txartel hau erabiltzeko aukera dute jada. Doako “txartel birtual” bat da, Ugao-Miraballesko udal kirol zerbitzura abonatutako pertsonei, txartel bakarrarekin ekimenera atxikitutako EAEko beste udalerrietako kirol instalazioak erabiltzeko aukera eskaintzen diena. Modu honetan, herritarrei instalazio eta kirol eskaintza zabalago bat eskaini nahi zaie, baliabide publikoak hobeto kudeatuz eta dagoeneko existitzen diren kirol azpiegituren erabilera optimizatuz.

Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendaritza sustatzen ari da Mugiment Kirol Txartelaren proiektua, aldundiekin eta ekimenarekin bat egiten ari diren udalekin elkarlanean. Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren esanetan “Eusko Jaurlaritzak legealdi honetarako ezarri zuen helburuetako bat da jarduera fisikoa sustatzea eta sedentarismoari aurre egitea. Gure helburua da etorkizun hurbilean Mugiment Kirol Txartela Euskadi osora iristea eta herritar guztiei kirola egiteko erraztasun gehiago eskaintzea, Ezkerraldean eta Metzaldean ezartzeko fase pilotuan egin den bezala. Azpimarratu nahi dugu, halaber, txartel bakarraren
kontzeptua Euskal Autonomia Erkidegoko hiru lurralde historikoetara eramateak garrantzia daukala”

Bestalde, Ekaitz Mentxaka Ugao-Miraballesko alkatearen esanetan, “Ugaoko bizilagunek, txartel bakar batekin, ekimenarekin bat egin duten hainbat udalerritako polikiroldegietako zerbitzuak erabili ahal izango dituzte eta hori, albiste ona da guztiontzako. Urte bi barru, EAEko polikiroldegi guztietara sartzeko aukera izango dugu”.

Ekimena

Proiektu hau 2017. urtearen hasieran hasi zen, proiektu pilotu gisa, Ezkerraldeko sei udalerritan: Santurtzi, Portugalete, Ortuella, Trapagaran, Zierbena eta AbantoZierbena. Ondoren, urte bereko urrian, Barakaldo, Sestao eta Muskiz batu zitzaizkion ekimenari,
guztira 262.000 biztanle inguru hartzen dituen ingurunera iritsiz. Pilotuaren emaitzak oso onak izan dira. Zerbitzua martxan jarri zenetik, 29.137 erabiltzailek deskargatu dute aplikazioa eta 7.775 erabiltzaile baliozkotu dira (pilotuan parte hartu duten 9 herrietako udal-zerbitzu guztietako abonatuen % 14 inguru).

2019an zehar udalerri arteko 17.000 erabilera baino gehiago erregistratu ziren Mugiment Kirol Txartelari esker (hau da, 17.113 aldiz erabili zen txartela beste udalerri bateko instalazioetan kirol egiteko). Erabilera horiek guztiak 2.507 erabiltzaile ezberdinen bitartez erregistratu ziren (erabiltzaile bakarrak).

Funtzionamendua

Honako hauek dira Kirol Txartela erabiltzeko pausuak:
1. Mugikorrean Mugiment Kirol Txartela instalatu.
2. Erregistratu datu pertsonalak emanez, e-mail helbidea eta NAN zenbakia, abonatua den instalazioaren izena adieraziz.
3. Esandako erakundea balioztatu ondoren eta notifikazioa jaso ostean, Mugiment Kirol Txartela erabil daiteke.
4. Kirol instalaziora sartzean, “txartel birtuala” eta NAN erakutsi behar da.
5. Instalazioaren langileak sarrera erregistratzen du, erabiltzailearen mugikorrean egiaztatze kodea sartuz eta sarrera emanez.

Txartela doakoa da, baina beharrezkoa da udalaren kirol zerbitzuan abonatuta egotea txartela erabili ahal izateko. Bestalde, masifikazioak saihesteko, udalerriek zerbitzu mankomunatuetara sartzeko ordutegiak mugatzeko aukera daukate.