Albisteak

 

Abenduan Ugao-Miraballesko argi-puntu multzo berri bat ordezteko lanak amaitu dira. Proiektu hau 2019ko udal-aurrekontuan jaso da, eta, honi esker, 51 argi berritu ahal izan dira BI-625 Foru Errepidearen ibilbidean zehar. Horretarako, led teknologiako argiak ezarri dira egunero zirkulazio-bolumen oso handia igarotzen den herriko eremu horretan.

Jarduera horrek bultzada gehigarria ematen dio sodio-lurrunezko argi zaharrak led ekipamendu modernoekin ordezteko prozesuari, eta, honek guztiak, gure udalerrian energia-kontsumoa eta argi-kutsadura murrizteko estrategia indartuko du. Inbertsio honekin, Udalak Ugao-Miraballesko Tokiko Agenda 21eko Tokiko Ekintza Plana betetzen jarraitzen du (2013ko apirilean onartu zena), eta urtero udal eraikin eta instalazioetan energia-eraginkortasuneko jarduketa bat gutxienez gauzatzeko konpromisoa berresten du.

Ekaitz Mentxaka herriko alkatearen esanetan, " Ugao-Miraballesek duela hamarkada bat baino gehiago ekin zion iraunkortasunaren bideari, eta etorkizunera begira duen konpromiso honi eusten dio. Azken ekitaldietan gai honen inguruan hartzen ari garen neurrien ondorioz, argi eraginkorragoak ditugu: led teknologiako argi berriei esker, kontsumo elektrikoa %50 murriztu daiteke, eta antzinako argiek baino balio-bizitza luzeagoa dute.

Estrategia honi esker, udal-eraikinek eta argiteria publikoak duela 4 urte zuten energia-kostuarekin alderatuz gero, Udalaren urteko fakturan 100.000 euro baino gehiago aurreztea lortu da; hau da, urtean %30etik gora aurreztu da.

BI-625 Foru Errepidean argiak berritzeko lanek 15.596 euroko inbertsioa behar izan dute. Lan hauek Bizkaiko Foru Aldundiaren %60ko diru-laguntza izan dute, 2019an Lurralde Historikoko udalerrietan energia-eraginkortasunaren arloko jarduerak bultzatzeko Jasangarritasun eta Ingurune Naturaleko Sailak sustatutako abenduaren 26ko 187/2018 Foru Dekretuaren babesean eman den diru-laguntza.

Era berean, Ugao-Miraballesko Udalak "Alkateen Itunerantz bidean" ekimena garatzen jarraitzen du Energiaren Euskal Erakundearekin (EEE) lankidetzan. Europako Erkidegoaren programa honen bidez, toki-erakunde sinatzaileek klima-aldaketaren aurkako borrokarako neurri eraginkorrak abian jarriz berotegi-efektuko gasen isuriak murrizteko konpromisoa hartzen dute. Argiteria publikoa berritzea ere Alkateen Itunean jasotako jardueretako bat da, eta ekimen horren barruan, EEEk 2.578 euroko diru-laguntza eman dio Udalari 2019ko ekitaldian gauzatutako proiektu honetarako.