Albisteak

 

Koronabirusaren ondorio ekonomikoek dagoeneko eragina dute gizartean. COVID-19aren krisiak eta enplegua galtzearen ondorioz, pertsona askok plater bat mahaira eramateko zailtasunak dituzte. Elikagai laguntzak jaso behar dituzten familien kopurua nabarmen igo da.

Horregatik guztiagatik, Ugao-Miraballesko Elikagaien Bankuak, Udalarekin lankidetzan, elikagaiak biltzeko kanpaina bat jarri du abian. Udalak kasu honetan 3.000 euroko ekarpena egin du ekimena martxan jartzeko. Elikagai guztiak ongi etorriak izango dira: dilistak, garbantzuak, babarrunak, makarroiak, espagetiak, arroza, olioa, tomate frijitua, esnea, Colacaoa, haurrentzako gailetak, potitoak, arrautzak... bakoitzak nahi duena eta eman dezakeena.

Elikagaien bilketa udalerriko hiru supermerkatutan egingo da datozen asteetan: Eroski, Berriak eta Lagaron. Horretarako, gune espezifiko bat prestatuko da horietako bakoitzean, herritarrek elikagaiak bertan uzteko aukera izan dezaten.

Era berean, ostiral honetan (maiatzak 8), larunbatean (maiatzak 9) eta datorren astelehenean (maiatzak 11) 10:00etatik 12:00etara boluntarioak egongo dira elikagaiak biltzen Herriaren Enparantzan.

Bilketarekin, elkarteak biltegia betetzea espero du, behar duten pertsonen artean elikagaiak banatzen jarraitu ahal izateko.

Ekaitz Mentxaka Ugao-Miraballeseko alkatearen hitzetan, "Elikagaien Bankuaren zeregina ezinbestekoa da beti, baina are gehiago bizi dugun osasun krisi honetan". Hori dela eta, Udalak dei egiten die herritarrei bere hondar alea ekar dezaten eta, ahal duten neurrian, Elikagaien Bankuari lagundu diezaioten kanpaina berri honen bidez, ugaotar guztien ezaugarri den elkartasunari helduz.