Albisteak

 

Hiru aste iraun dute hilerriaren atzeko aparkalekuan kokatzen den Pumptrack pista berria eraikitzeko lanek. Udalak 48.174 euroko inbertsioa egin du (BEZ barne), udalerriko gazteek gehien eskatu duten jardueretako bat gauzatzeko. Zuin Bikeparks enpresa arduratu da eraikuntza-lanez.

Hala ere, Ugao-Miraballesko Udalak gogorarazi du, obrak bukatu arren, eta osasun arloko agintari eskudunen aginduak errespetatuz, instalazioa itxita egongo dela, besterik jakinarazi arte. Udalak azpimarratzen du koronabirusaren hedapena saihesteak guztion lankidetza arduratsua eskatzen duen lana dela, eta, gehiago zabal ez dadin, pertsonen kontzentrazioak eta bestelako jokabide arriskutsuak saihestu behar direla.

Pista berriaren ezaugarriak

Pumptracka zirkuitu itxia da, erabiltzaileek inertzien eta bulkaden bidez oztopoak modu seguruan pasatuz gozatzeko aukera ematen duena. Zirkuituaren ibilbidea hainbat oztopo, bihurgune eta jaitsieretatik igarotzen da, bizikleta, skatea, patinetea edo edozein objektu irristagarri erabiltzen ikasteko.

Pistak 340 metro karratu inguruko azalera erabilgarria du. 180º-ko biraketa-angeluko 2 kurbak osatutako ibilbide itxia du, obalo bat osatuz. Hainbat neurritako bi errepide zuzen ditu eta elementuen aniztasuna eta aldakortasuna bermatzeko oztopo ugari. Instalazio publiko gisa erabilera araudia du, erabiltzaileen segurtasuna bermatzeko helburuarekin:

  • Kaskoaren erabilera derrigorrezkoa izango da.
  • Oso gomendagarria: kasko integrala, belaunekoak, ukondokoak eta eskularruak.
  • Ezin da zirkuitua zeharkatu.
  • Sartu baino lehen bi alboetara begiratu eta ikusi zein den martxa-zentzua.
  • Zirkuituan sartzean txandak errespetatu eta beste erabiltzaileekiko distantzia gorde.
  • Erabilera mugatua izango da zuzendutako klaseak daudenean.
  • Txakurrak lotuta egon behar dira.