Albisteak

 

Bihar, ostirala, zabalduko da Ugao-Miraballesko Udalak koronabirusaren krisiak sortutako egoera ekonomikoari aurrera egiteko deitu dituen dirulaguntzak eskatzeko epea. Deialdia, birusa dela eta, bere jarduera nahitaez eten behar izan duten merkatari, ostalari eta pertsona autonomoei laguntzeko helburuarekin jarri da martxan. Gaur bertan, ekainak 4 osteguna, argitaratu dira oinarriak Bizkaiko Aldizkari Ofizialean. Modu honetan, interesa duten negozio edo establezimenduek ekainaren 14ra arte aurkez ditzakete eskaerak, telematikoki (www.ugao-miraballes.eus egoitza elektronikoaren bidez), posta elektronikoz
(jmusaola.ugao@bizkaia.org) edo aurrez aurre (94 648 07 11 telefono-zenbakia).

Laguntza hauen bidez, Ugao-Miraballesko Udalak 60.000 euro jarriko ditu osasun krisiak gehien kaltetutako bi sektore suspertzen laguntzeko.

Baldintzak eta dirulaguntza jaso dezaketen kontzeptuak

Onuradunek baldintza batzuk bete beharko dituzte, besteak beste:

  • Bere jarduera aldi baterako eten behar izana.
  • Txikizkako merkataritzak eta ostalaritza-establezimenduek Ugaon jardun behar dute.
  • Pertsona autonomoek helbide fiskala Ugaon izan beharko dute, eta martxoaren 14an alta emanda egon beharko dute Langile Autonomoen Araubide Berezian.

Oinarri hauetan araututako laguntzak, hurrengo gastu hauek finantzatzeko izango dira:

  • Jarduerarik gabeko aldian izan dituzten gastu finkoak: argia, gasa eta ura.
  • Merkataritza lokalaren hileko alokairua.
  • Hipoteka, hileko kuota.
  • Segurtasun-alarma, jarduerarik gabeko denborari dagokion zati proportzionala.
  • Jardueraren aseguru-primei dagozkien gastuak, jarduera uzteagatiko zati proportzionala.

Gastua egin izana justifikatzen duen faktura erantsi beharko da. Halaber, hilabeteko epean ireki beharko dute establezimendua, alarma-egoera altxatzen denetik hasita eta irekita egon beharko dute jarduerari berriro ekin eta gutxienez 6 hilabetez.

Laguntzen zenbatekoak

Diru-laguntzaren zenbatekoa honela banatuko da:

  • 500 eurora arte, alarma egoera hasi zenetik etete egoeran hilabete baino gutxiago egon direnentzat.
  • 600 eurora arte, bere jarduera 0 fasean berriro hasi dutenentzat.
  • 700 eurora arte, bere jarduera 1. fasean berriro hasi dutenentzat.
  • 800 eurora arte, bere jarduera 2. fasean berriro hasi dutenentzat.
  • 1.000 eurora arte, bere jarduera 3. fasean berriro hasi dutenentzat.

Jarduera Ugao-Miraballesen garatzen duen saltoki eta ostalaritza-establezimendu eta autonomo bakoitzeko dirulaguntza bakarra emango da. Udalak gogorarazi du laguntzak jarduera eten dutenei edo aurreko seihilekoaren batez bestekoarekin alderatuta, fakturazioa gutxienez %75 murriztu dutenei zuzenduta daudela.