Albisteak

 

Ugao-Miraballesek aurten ez ditu ospatuko Udiarragako Ama Birjinaren omenezko jaiak. Irailaren 6, 7, 8, 11, 12, 13 eta 14an egitekoak ziren ospakizunak bertan behera uztea Udalak eta Jai Batzordeak hartutako erabakia izan da.

Horrela, Ugao-Miraballesek bere jai ekitaldi guztiak 2021erako utziko ditu. Udal gobernuak azpimarratu du erabaki hau hartzea zaila izan dela, mingarria, herriko jaiak oso errotuta daudelako; baina, era berean, adierazi du erabaki hori beharrezkoa dela, gaur egun bizi dugun egoerarekin bat datorrelako eta erantzukizun handienetik hartutakoa delako, kontzentrazio handiak eta jende pilaketak saihesteko.

"Udalak, administrazio publikoek, eta oro har, elkarte zein toki-erakundeek ekitaldi jendetsuak saihesteko betebeharra dugu, eta gure bizilagunen eta jaietan gure udalerrira etorri daitekeen jende guztiaren osasuna une oro lehenesteko betebeharra dugu. Zoritxarrez, azken asteetan birusaren berragerraldiak izan dira Euskadiko eta Estatuko hainbat puntutan. Baldintzak ez dira onak, orain arte lortu dugun guztia ezin dugu galdu. Ezin dugu guardia jaitsi”, esan du Ekaitz Mentxaka Ugaoko alkateak.

Ugao-Miraballesko jaien programazioak berrogeita hamar jarduera inguru izaten ditu, eta Udalak 100.000 euro inguru bideratzen ditu jarduera horiek antolatzeko. Egitarauak dantza, kalejira, lehiaketa, kontzertu, haur-parke, dantzaldi eta abarrez gain, ekitaldi jendetsuak biltzen ditu, hala nola, pregoiaren irakurketa eta ondorengo txupinazoa, festen amaierako azken astelehenean egiten den "Indaba jana" eta Tres Cañoseko iturrian egiten den bola jirarazte tradizionala, beste beste. Ekitaldi honek amaiera eman ohi die jaiei. Udalak azpimarratu du udalerriko gizarte eragileekin elkarlanean jarraituko duela 2021eko jaiak ahaztezinak izan daitezen.

Amaitzeko, Udalak bat egin du EUDELek bihar, uztailak 16, pandemiaren biktimei eta Euskadin COVID-19 delakoaren aurka borrokatu duten osasun-langile eta taldeei omenaldia egiteko egindako deialdiarekin. Alde horretatik, Udalak Ugaotarrei gogorarazten die maskara erabiltzea dela gaur egun birusaren hedapena geldiarazteko dauden prebentzio- eta babes-neurri nagusietako bat. Horregatik, dei egiten du guztiok erantzukizunez joka dezagun, solidarioak izanik. Azpimarratu du maskara erabiltzea eta oro har babes-neurriak jarraitzea direla herritarrak zaintzen egon diren eta egongo diren pertsona horiei egin diezaiekegun omenaldirik onena. Horregatik, datozen egunetan, Udalak sentsibilizazio kanpaina bat jarriko du martxan maskara erabiltzearen garrantzia azpimarratzeko. Herriko atari guztietan bandoak jarriko dira, establezimenduetan kontzientziazio kartelak banatuko ditu eta bi agente zibiko kontratatuko ditu maskarak modu arduratsu eta egokian erabil daitezen herritarren artean.