Albisteak

 
  • Udalak duen kontratu garrantzitsuenetako bat da, eta 1,3 milioi eurotik gorako partida erreserbatu du egungo kirol-zerbitzuak eta instalazioak hobetzeko.
  • Interesa duten enpresek abuztuaren 11ra arteko epea dute beren eskaintzak aurkezteko.

Ugao-Miraballesko Udalak lehiaketa publikoa atera du El Jaroko kirol instalazioen eta Arandiako igerileku estali gabeen zerbitzu publikoa kudeatu, ustiatu eta kontserbatzeko. Hala jasotzen du Euskadiko kontratazio publikoko plataformak. Lizitazioaren oinarrizko aurrekontua 1.311.378 eurokoa da (BEZa kanpo) hurrengo hiru urteetarako, eta urtebeteko bi luzapen egiteko aukera dago.

Kontratuaren xede den zerbitzuak, kirol instalazio horien kudeaketa osoa, integrala hartzen du. Kudeaketa horretan kiroldegien funtzionamendu egokia bermatzeko beharrezkoak diren aspektu guztiak sartzen dira, honako hauek besteak beste:

  • Jendearentzako arreta: herritarrentzako informazio-zerbitzuak eta izapide eta kudeaketa administratiboak, kirol-instalazio bakoitzean prestatzen den informazio eta kontrol-puntuan.
  • Erabiltzaileak baimendutako orduetan sartzen eta ateratzen direla kontrolatzea, instalazioak erabiltzeko modalitatearen arabera, eta instalazioen erabilera zuzena gainbegiratzea eta kontrolatzea.
  • Instalazio eta ekipamendu guztiak zaindu, kontrolatu eta segurtatzea, instalazioari kalterik ez eragiteko, eta horien barruan ordena publikoa gordetzea.
  • Kirol instalazioen kudeaketa administratiboa.
  • Instalazioen garbiketa: enpresa esleipendunak garbi eta egoera onean mantendu beharko ditu zerbitzuari atxikitako instalazio guztiak. Garbiketa lanak instalazio guztietara zabalduko dira, egunero. El Jaroko kiroldegiko erabilera anitzeko kantxaren kasuan, gutxienez urtean 4 aldiz garbituko da.
  • Ur-arazketa: igerilekuen eta uraren erabilera kolektiboa egiten den kirolinstalazio guztien baldintza higieniko-sanitarioak kontrolatzea.
  • Kirol instalazioak mantendu eta zaintzea.
  • Igerilekuko sorospena: enpresa esleipenduna arduratuko da igerilekuko etengabeko arretaz, martxan dauden orduetan.
  • Kirol jardueren eta zerbitzuen programa kudeatu eta eskaintzea. Urtero udal kirol programa bat prestatuko da, herritar guztiei zuzendutako ikastaroak eta jarduerak eskaintzeko. Aisia, mantentze fisikoa eta kirol jarduera izango dute helburu.
  • Arandiako instalazioen barruan dagoen taberna-kafetegi zerbitzua ustiatzea.
  • Instalazioaren egoera egokirako eta jarduerak behar den bezala egiteko beharrezkoak diren bestelako lan guztiak.

“Udalaren kontratu garrantzitsuenetako bat da. Kirol-jarduera sustatzea, Udalaren apustu estrategikoa da, gure udalerrian aisialdi osasungarria izateko. Horretarako, adin guztietako ugaotarren eskura jarri nahi ditugu kirol-zerbitzu eta instalazio eskuragarriak eta kalitatekoak, langile kualifikatuekin. Ugaoko bizilagunek zerbitzu eta arretarik onena merezi dute”, dio Ekaitz Mentxaka alkateak.

Interesa duten enpresen proposamenak, lizitazioa arautzen duten plegu eta agirietara egokitu beharko dira. Eskaerak aurkezteko epea abuztuaren 11n bukatuko da, 14:00etan. Proposamen guztiak, euskaraz edo gaztelaniaz idatzita, elektronikoki aurkeztu beharko dira. Proposamenak aurkeztu baino lehen, enpresa lizitatzaileek lizitazio honen xede diren eraikin guztiak eta instalazioak bisitatu eta berrikusi ahal izango dituzte. Bisita hori egiteko, aldez aurretik hitzordua eskatu beharko da 94 648 07 11 telefono zenbakian edo ialegria.ugao@bizkaia.org helbidera idatzita, astelehenetik ostiralera, 10:00etatik 14:00etara.

Dokumentazio guztia eskuragarri dago Udalaren webguneko Kontratatzailearen Profilean, helbide honetan: http://www.ugao-miraballes.eus/eu-ES/Udala/Kontratatzaileprofila/Orrialdeak/Listado.aspx