Albisteak

 

Aurtengo urtea ez da beste guztiak bezalakoa, garai hauetan Ugao-Miraballesen ilusioz beteta eta prest egon beharko ginateke Udiarragako Ama Birjinaren ohorezko jaiak ospatzeko.

Hala ere, esan bezala, 2020. urtea ohiz kanpokoa izaten ari da. Covid-19ak gure bizitzak gogor kolpatu ditu, eta egun bizi dugun egoera ikusita, gure gizarteari hainbeste kalte egiten dion pandemia hori geldiaraztea da lehentasuna. Horregatik, Ugao-Miraballesko Udala osatzen dugun bi alderdi politikook (EAJ-PNV eta EH Bildu) herritar guztioi gogorazi nahi dizuegu AURTEN EZ DIRELA OSPATUKO UDIARRAGAKO AMA BIRJINAREN OHOREZKO JAIAK.

Bi udal taldeok ez ezik, bai Jai Batzordeak, bai eta jaien antolaketan aritzen diren gainerako eragile guztiek ere, elkarteek eta kolektiboek, bat egiten dute erabakiarekin. Azken asteetan, kutsatzeen eta hildako pertsonen kopuruak gora egin du. Testuinguru horretan, argi dago, ez ditugula zirkunstantzia egokienak jaiak antolatzeko eta ezinezkoa dela herritarren parte hartze handia izan ohi duten ekitaldiak antolatzea. Hori dela eta, bi talde politikook erantzukizun indibiduala eta kolektiboa eskatzen dugu, arduraz jokatzeko eta ez egiteko jai giroko inolako talde-ekitaldirik, ez publikorik ez pribaturik. Gure egitarauko ekitaldi askotan izaten diren publiko-kontzentrazio handiak saihestu behar ditugu, birusaren hedapena minimizatzeko. Beraz, AURTEN EZ DAGO JAIRIK.

Orain, lehentasuna du ugaotar guztien osasun publikoa zaintzeak, txikienetatik hasi eta zaharrenetaraino. Jokoan dago daukagun gauzarik garrantzitsuena, gure osasuna. Elkar zaintzeko garaia da, elkartasunez, errespetuz eta erantzukizunez jarduteko garaia. Pandemia madarikatuari aurre egiteko herri gisa elkartzeko garaia da. Gogorra da gure jaiei uko egitea. Baina zuhurtzia premiazkoa da. Ezin dugu atzera pausorik eman koronabirusaren aurkako borroka honetan. Udala, jai batzordea, kuadrillak, dendak, ostalaritza, elkarteak, klubak... denok, bizilagun guztiok, batera joan behar dugu, datorren urtean inoiz baino indar handiagoz goza ditzagun festak.

ANIMO DENOI ETA ESKERRIK ASKO, UGAO!!!

EAJ-PNV / EH BILDU