Memoria historikoa

Burdin Hesia Ugaon ibilbidea

Ibilbidea herriko plazan hasten da, udaletxe aurrean. Han, Jane Jauregiaren (Kultur etxea) ondoan, egingo dugun ibilbideari buruzko informazioa emango dizuen panel informatibo bat dago. Ugaoko Burdin Hesiaren gaineko erakusketa txiki bat dago aipatutako Jane Jauregian.

Ugaoko plazan, herrian dauden sei iturrietako bat aurki dezakezue; bertan kantinplora urez bete eta ibilbideari ekingo diogu. Udiarraga kaletik behera (Gaztela eta Bilbo arteko antzinako errege bidea), plazatik 100 metro eskasera, "Hiru txorroko iturria" ikus dezakezue, Bizkaia osoko iturririk politenetarikoa.

Udiarraga kaletik aurrera egin eta 80 metro aurrerago, 35. zenbakiaren parean, jarraitu beharreko norabidea (ezkerretara) adierazten digun seinale-gurutze metaliko bat ikusiko dugu; Landako kalea hartu eta anbulatorioaren (Osakidetza) ondotik joango gara. Zebra-bidea igaro eta, trenbideko lubakiaren azpian, zubi berrira helduko gara. Aurretik, nahi izanez gero, munduan bakarra den estanko-museoa bisitatu dezakegu; seguru izan bertako jabeak, Iñakik, erakutsi egingo dizuela, bisitaldi gidatu eta guzti. Leku hau Ugaoko Burdin Hesiaren egoitza da.

Zubia igaro eta bigarren panel informatibo batekin egingo dugu topo, bide onetik goazen seinale. Dagokion zebra-bidetik errepidea zeharkatu ostean (BI 625), norantz jo behar dugun adierazten digun seinale-gurutze bat aurkituko dugu. Eskuinetara hartu behar dugu.

350 metroko igoera bati, ibilbidean dagoen igoera bakarrari, egin beharko diogu aurre. Malda nahiko handia igo eta, 70 metro ingurura, bide bat agertuko zaigu ezkerretara. Bide horretan pasabidea debekatzen duen kartel bat dago; beraz, pista nagusitik jarraitu eta oraintsu eraikitako etxe bateraino iritsiko gara. Han, guk jarritako beste seinale bat aurkituko dugu.

Pista belartsutik 70 metro inguru igo eta beste seinale batera iritsiko gara. Seinale horrek ezkerretara jo behar dugula adieraziko digu, eta, handik 80 metro eskas egin ostean, lehenengo gotorlekura iritsiko gara. Iturrigorrialde I izenarekin bataiatu dugun gotorleku horrek panel informatibo bat dauka, eta, panel horretan, aurrez aurre dugunaren zehaztasun guztiak irakurtzeko aukera izango dugu. Puntu honetatik aurrera ibilbidea bigundu egiten da.

Bidexka bikain batetik jarraituko dugu, eta, 100 metro eskasera, Iturrigorrialde II izeneko bigarren gotorlekuaren aztarnak aurkituko ditugu. Gotorleku honetan ere badago panel informatibo bat argibideekin.

Bertan dagoen metrailadore-habia bikoitzetik Ugaoko ikuspegiaz gozatu ostean, pistara itzuli eta igoera txiki bati egingo diogu aurre, beste seinal bat eta ezkerretara bertan behera utzitako eraikin bat aurkitu arte (Antekeratarren etxea).

Azken puntu honetatik jaisten hasiko gara, lubaki baten barrutik, 150 metrora dagoen azken gotorlekuarekin topo egin arte, Beretxakoa; honek ere, aurrekoek bezala, dagokion panel informatiboa dauka.

Gotorlekura iristen den lubakitik aurrera jarraituko dugu hainbat seinale ikusi arte. Lehenengo seinalea ehun metro ingurura dago eta bigarrena handik berrogei metro ingurura. Bertatik jarraituta paseo atsegin bat egingo dugu errepidera iritsi arte.

Beretxa auzora heldu ostean, baserri artean igarotzean, adi ibili behar dugu, hauen hormetan hesiaren aztarna ugari baitaude sartuta. Burdin hesia eraitsi ostean berrerabili egin ziren, eta aipatutako baserriak berreraikitzean batez ere hauen ertzak egiteko aprobetxatu zituzten.

Beretxa eta Beretza auzoak zeharkatuko ditugu asfalto gaineko paseo erosoan. Bitxikeria gisa, adieraztea auzo hau bi udalerritan banatuta dagoela, alde bat Ugao da eta bestea Arrigorriaga. Toponimoaren amaierak baino ez ditu desberdintzen herri bateko eta besteko aldeak: BereTXA (Ugao) eta BereTZA (Arrigorriaga).

Errepide nagusia jarraituko dugu ezkerretara dauden besteei jaramonik egin gabe, eta, horrela, Arandiako industrialdera iritsiko gara. Puntu honetan, estalpe baten atzeko aldean erdi lurperatutako babesleku bat dagoela ikus dezakegu. Gaur egun Usilako industrialdea dagoen tokian lehen ospitale bat zegoen eta, bonbardaketak zeudenean leku honetan babeste ziren ospitalean zeudenak. Ospitalea erdi hondatuta geratu zen, bonbardaketa batean bonbek berau jo eta eraikina erditik zatituta geratu baitzen. Toki honetatik Usilako trenbide-zubiaren, bere alorrean Bizkaiko onena, ikuspegi ederrak ditugu.

Aldapa jaitsi eta eskuinetara joko dugu, jarraitu behar den bidea seinalatuta dagoen semaforora iritsi arte.

Errepidea gurutzatu eta industrialdearen zati bat zeharkatu ondoren, ezkerrera hartu eta zubiaren oinarrira iritsiko gara. Bertan, geldialdia egin eta zubian geratzen diren aztarnen ondoan ezarritako panela ikusiko dugu. Puntu honetatik Udiarraga kalea hartu eta abiapuntura itzuliko gara. Dena den, bide honetan ere gauza interesgarriak ikusiko ditugu; esaterako, 21 zenbakidun eraikinaren parean horman dagoen marka batek uholdeetan ura noraino iritsi zen adieraziko digu. 53. zenbakidun atarian, Ugaok jasandako bonbardaketetan hildako herritar biak gogoratzen dituen plaka bat ere ikus dezakezue.

Dagoeneko abiapuntura iritsi gara. Ibilbidea ordubete eta laurdenekoa izan da, induskatutako eta balioan jarritako hiru gotorleku ikusi ditugu, eta baita ere hauek elkarrekin lotzen dituen 300 metro inguruko lubaki bat. Zirkulu-formako ibilbidea da, adin guztientzako egokia, mendiko botak eramatea gomendatzen da, eta ibilbidearen erdia pinuen baso trinko batetik, zuhaitz artetik, igarotzen da.

Ongi etorri Ugaoko Burdin Hesira.

Ibilbidearen bideoa

  • Ibilbidearen bideoa

Zelan iritsi

  • Trenez (Indalecio Prieto geltokia Bilbon, Abandon)
  • Bizkaibusean
  • Ibilgailu partikularrean (N-634, Arrigorriaga eta Arrankudiaga artean)

Informazio gehiago

  • Wikiloc