Euskara

 

Plan estrategikoa onartzea

2013ko apirilaren 30eko Osoko Bilkuran Ugao-Miraballesko Udalbatzak datozen bost urteetako (2013-2017) Euskara Biziberritzeko Plan Estrategikoa onartzea erabaki du. 2012 urte amaieran hasi zen Plan Estrategiko hau diseinatzen eta hilabete batzuetako lanaren ostean berau onartu egin du.

Plan estrategiko honen helburu nagusia euskaraz bizi nahi duten herritarrei horretarako aukerak bermatzeko behar diren hizkuntza politikarako neurriak erabakitzea eta bultzatzea da. Maila pertsonalean, sozialean eta ofizialean euskararen berreskurapen osoa lortzeko euskararen aldeko pausuak gehitzea, azken batean.

Plan estrategikoa 2017 urtearen amaiera bitartean euskararen normalizazioaren alde Ugao-Miraballesko Udalak hartuko dituen neurriak eta burutuko dituen ekintzak jasotzen dituen dokumentua da.

Zergatik eta zertarako

Azken urteotan udalerrian euskararen egoerak hobera egin badu ere, oraindik asko dago egiteko. Hori dela-eta diseinatu da datozen lau urteetarako plan bat. Euskara berreskuratzen lagunduko duen plana, beti ere udalerriko egoera soziolinguistikoak dituen lehentasunezko lan ildoak gogoan hartuta.

Argitaratutako azken datuen arabera (2011koak), Ugao-Miraballesen urte bitik gorako herritarren %37,3 euskalduna da, %28,7 ia-euskalduna da (ulertzen du eta hitz egiten du, baina zailtasunak ditu) eta %34 erdalduna da. Gehiengoa euskalduna izan arren, gero erabilerari dagokionez ez da nabaritzen; izan ere, etxean %81,09ak gaztelaniaz hitz egiten du, %7,96ak euskaraz eta %9,39ak bietan.

Lehentasunak

Planak berak euskara bederatzi esparrutan sustatzeko helburua du: familia transmisioa, euskalduntze-alfabetatzea, irakaskuntza, lan mundua, aisia, kirola, kulturgintza, komunikabideak eta teknologia berriak. Bederatzi esparru hauen barruan udalak hainbat ekimen egingo ditu.

2013-2017 urte bitarte honetan baina, hauexek dira lehentasuna daukaten helburuak:

  • Euskararen erabilera handitzea etxeko esparruan, eta transmisioa ziurtatzea familia kideen arteko hizkuntza izan dadin.
  • Euskaldunon eta euskaldun pasiboen artean euskararen erabilera handitzea, eta hori lortu ahal izateko euskarri egokiak abian jartzea.
  • Herriko kultur eskaintzan (ekitaldiak, ikastaroak…) euskararen erabilera handitzea.